Tel: (+34) 943 157 200  

Esklabak

Eraikin honek agerian ditu zauriak: bukatu gabe dago bukatuta. Beste bi beso behar lituzke, hala salatzen dute alboetako paretek. Eta ederragoa dago holaxe: irekiagoa da, utzi egiten diote begiradari sartzen, txokoak miatzen, leihoak zenbatzen. Eta eraikinen egia ere agerian uzten du: biziak dira, ez dira paperetan eraikitzen, lurrean baizik. Eta dena da lurrean behin behinekoa. Eta behin behinekoa soilik bihurtzen da betirakoa, batzuetan. Elizaren indarraren metafora gisa ere har daiteke: jada ez da garai batekoa; gehiago hartzeko zegoen pentsatua, baina dagoena bera ere gehiegi da jada, kanpotik dotore eta sendo ageri da, barrutik hutsik dago. Erdiko eliza erabiltzen da oraindik, alboetako gelarik gehienak hutsik daude. Ikastetxea izan zen garai batean, bai mojena, alde batean, eta ikastolarena gero, beste aldean. Inork gutxik daki hemen eman zuela euren lehen kontzertuetakoa Lin Ton Taun taldeak. Ez da ordea orduko gazte hotsik eta bizipozik nabari bazterrotan. Bizitzak beste norabait eraman ditu. Eta hemen geratu dira harriak, adreiluak, gurutzeak, historiak utzitako zauriak erakusteko zuri.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA