Tel: (+34) 943 157 200  

Nuarbe

Munduan beste auzo eta herri txiki ugari bezalaxe, aurrerabidearekin sokatiran ari da Nuarbe, denak galtzeko dauzkala jakinda ere, ez desagertzeko mapatik. Jendeak eutsi egiten dio ahal duen bitartean. Azpeititik bost bat kilometrora, Urrestila eskuinetara lagata Beasainerako bidean, hantxe dago errepidetik ezkerrean, urtegiaren barrenean, Nuarbe. Eliza, etxe multzo txikia, frontoia, beste auzo askoren modukoa, beste auzo guztiak bezain berezia. Bertan jaioa zen Iñaki Otaegi, Francok ohean hil aurretik fusilatu zituen azken bost lagunetarik bat. Literaturan agertu da, bai Koldo Izagirreren Balizko Erroten Erresuma poema liburuan, bai Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso nobelan. Gehienok kirol olinpikoa izan zenik ere ez genekienean, Nuarberen izena munduan ezagutzera eman zuena bertako sokatira taldea izan zen, 80ko eta 90eko hamarkadetan mundu mailan irabazitako hainbat txapeli esker; gaur Nuarbeko Sokatiraren Museoan daude ikusgai. Gorago dago Ibai-Eder urtegia, Urolako jendearentzat “Nuarbeko pantanoa”.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA