Tel: (+34) 943 157 200  

Enparantza II

Eduardo Txillida artistak dohain berezia zuen bere eskulturei leku egokiak aukeratzen. Loiolakoa adibide ona da. Basilikaren handitasunari itzal egiten saiatu eta galtzaile atera gabe, bere burdinazko pieza astuna, metro pasatxoko zutoina, harmailadi ikusgarriaren oinetara ezarri zuen, ezker aldean, albo batera geratzen zen espazioa mugatuz eta forma emanez. Bertara hurbilduta zutoinak gaineko aldean irekidurak dituela ikusiko duzu, haizea eta begiak sartu-irtenean ibiltzeko modukoa. Baina 2000. urtean bertan jarri zutenetik, jende gutxi arrimatzen da obra ikustera, egia esan. Eguraldi onarekin basilika aurreko harrizko zabalgunean ibiltzera joaten da jendea, haurrekin eta. Patinetan ibiltzen dira batzuk, besteak bizikletan. Haurrek futbolean egiteko lekua bihurtu da jarri zuten unetik beretik, Txillidaren Enparantza II. Atearen zutoina da. Ez jakin, akaso ez luke pena handirik hartuko hau ikusita Realeko atezain izandako artistak. Jendeak dio: atearen zutoina izateko ordaindu al zuten hainbeste burdinazko pieza honengatik? Haurren zorionak hori eta gehiago ere merezi du, pentsatzen duzu zuk.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA