Jesus Mariak
Loiolako Etorbidea era guztietako eliza eta komentuz beteta dago, hasi Esklabetatik eta Loiolaraino. Ematen du horrek herria nolakoa izan zenaren neurria. Gaur bokazioak asko urritu dira, neba-arreba ugariko sendiak ere bai, eta dauden serora apurrak zahartu ahala husten ari dira inguruotako komentuak. Iragan ez hain urrun baten harrizko ubera dira etorbidean ia elkarren ondoan aurkitu ditzakezun eliza eta komentuak. Horietatik, besteak baino askoz txikiago eta ez hain agerian, Jesus Mariak deitzen zaion komentua dago, harresi barruan, kanpandorre luze eta estuarekin, beste herrialde batekoa dirudien eraikina. Atzean Izarraitz ez azaltzeko kontua izanda, eta oin oharrean Austriako herri baten izena jarrita, edozeini ziria sartzeko modukoa da. Harrigarria da batek norbere herriko eraikin enblematikotzat jotzen dituenak beste edozein lekutakoak bezalakoxeak izan daitezkeela konturatzea. Eta polita ere bai: ordubeteko pasieran arras arkitektura diferenteak ikusten ahal dituzu, herrialdez herrialde zabiltza, herri beretik irten gabe ere.