Tel: (+34) 943 157 200  

Loiolako Basilika

Vatikano Txikia ere deitua, neurriak jotzen du begietara lehen kolpean. Itxi begiak eta ikusi: XVII. mendearen bukaera aldera, inguru hauetan baserriren bat edo beste baino ez zenean, Bernini handiaren ikasle izandako Carlo Fontana arkitektoaren diseinua oinarri, lanean hasi dira harginak, inguru hau erabat aldatuko duen eraikin erraldoia jasotzen. Behin bukatuta, zerutik eroritako meteoritoa dirudi, harrizko objektu hegalaria, giza eskala ulergarria hautsi, jendea txikiago bihurtu eta bere gogoa azpian hartzen duena. Horrexetarako eraiki zen. Jainkoaren eta Elizaren handitasuna erakusteko, batez ere Jesusen konpainiarena. Harrezkero erromesen helburu bihurtu zen, turismo kristauaren erreferentzia, sinestunen tenplu handietarik bat. Urolaldeko herritarrengan izandako eragina, berriz, Jose Luis Otamendik eta Iņigo Aranbarrik idatzitako Loiolarik ez balitz liburuan jaso dezakezu ederki. Gaur, jainkoa eta eliza hizki larriz idazteari utzi diogunean, Loiolako basilika eraikin ikusgarri baten harrizko historia da, eta bere inguru ederrak, atzealdeko lorategia kasu, pasiera lasairako leku paregabeak.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA