Marcial Ucin
Garai baten amaiera ekarri zuen herri oso baten begien aurrera Marcial Ucin izan zenaren itxierak: industriaren nagusitasunarena. Azken urteetan jabez aldatu eta beste izen batzuk hartu zituen arren, hala deitzen dio oraindik ere jendeak: Martxilena. Azpeitiko paisaiaren parte inportantea da, lur eremu zabala hartzen du, fabrikak herriaren egunerokoari forma ematen zion garaia dakar gogora: langileak, kamioiak, zarata, usaina, erreleboak, gaixotasunak, istripuak, heriotzak… Eta bukatutako garai horrekin zer egin daitekeen etortzen zaizu usina erraldoiaren hodiak ikusita, herri baten zainak izan ziren behinola. Eta nola jasotzen duen burua herri batek ustez segurua zuen bizimodua egun batetik bestera amiltzen zaionean denboraren osinean. Nola egiten duen jendeak aurrera egiteko egoerarik kaxkarrenean ere. Mamua da: hilda egonagatik hor dago oraindik. Paradoxak zer diren: itxi zutenetik, gauez irekitzen ditu ateak zaindariak sar daitezen, bertan geratu zen materiala zaintzera, ez dadin inor sartu kobrea ostera… Herri baten egunerokoari forma eman zionak, orain gauari ematen dio argi, aspaldi hildako izarra bailitzan.