Plaza Txikia
Soreasutik Plaza Txikiraino zen herria hasieran, eta halaxe izan zen urte luzez, harik eta XVIII. mendean kanpoko plaza egin, gaurko Enparantza Nagusia, eta herria zabaltzen hasi zen arte. Garai haietan herriko lekurik inportanteena zen. Ondo antzematen da hori plazaren forman, Txikia deitzen zaion arren jende asko biltzeko lekua baitu, eta baita bertako eraikinetan ere. Altuna Etxea dago batetik, herriaren goiko muturrean zegoena, plazaren eta herri osoaren jagole. Bestetik, berriz, Kontseju Zaharra, urte luzez Udaletxea izan zena. Bietan ala bietan, eta beste edozein herritako jauregi eta eraikin publikoetan berdin, xehetasun batek jotzen du begira: lehen pisua oso dago goian. Harreman guztien neurri sinbolikoa ematen du horrek. Urrun dago balkoia kaletik, oso gora. Goitik beherakoak dira aginduak, eta behetik gora zaila da presiorik egitea, ez zaie iristen kaleko zaratarik, babesean daude, harrizko etxe gotorretan bilduta.