Urrestilla
Landetan eskuinetara hartuta, baserri eta fabrika artean doan errepidean aurrera, biak orainaldi, biak iragan, ohol dorreen ondotik iritsiko zara Urrestillara. Etxe berriak ditu sarreran, jendeak ez du alde egin nahi, gero datoz zaharragoak, auskalo noizkoak, estankoa, plaza, eliza, bere egurrezko sarrera ederrarekin. Frontoitzat hartuta dute ondoko pareta, haurrentzako parkea ere badago. Jendeak herriaren alde egin nahi du. Lau dira tabernak; beste hainbeste sagardotegien mapetan agertzen ez diren sagardotegiak. Azpeitia izanagatik ofizialki, Urrestilla herri da. Halaxe bizi eta aldarrikatzen du herriak, eta halaxe jaso zuen, zoragarri, Juanba Berasategik 1976an egindako horma irudian. Galdu egin zen arren, irudia geratzen da. Zeinek eskatu ote zion marrazkia? Ez zen urruti ibiliko Ramon Etxezarreta, bertan jaiotako idazle eta politikoa. Eman du beste idazlerik ere herriak. Urrestillara zatozenean, Pako Aristiren Kcappo nobelan sartu zarela sentituko duzu. Eta ezingo duzu irten sekula Urrestillatik. Hantxe geratuko zara suaren gainean dantzan, Auntxaren trikitixarekin, ohol dorreen atzean.