Zelai Luze
Berdura Plaza eraberrituaren atzetik hasi eta Enparan Dorretxeraino doan tarte estua da Zelai Luze, ezkerrean Urola ibaia eta eskuinean Frantziskanetako eliza eta komentua dituela. Berdegune estu eta luzea da, errepidearen ondoan, festetan txosna gunea izan ohi dena. Ibai ondoko pasiera polita dauka, eguraldiak laguntzen duenean batez ere, gora eta behera ibiltzeko modukoa, eta atseden hartzeko bankuak ere baditu ibaiari begira. Haietako batean eserita herriko bista politenetako bat ikus daiteke, ibai aldera ematen duten Enparan kaleko etxaurreak, alegia. Hasi Korrejidorearen etxetik eta Enparango zubia kalera sartzen den punturaino, hiruzpalau solairuko etxeak dauzkazu begien aurrean, eguneroko bizimoduaren berri emanez leiho eta balkoietatik, baina baita denboraren joanarena ere, Urolari begira. Batzuk hondatu antzean, besteak oraindik berri, tartean Basozabal bere arkupe dotorearekin, ikusmira ederra eskaintzen dute denek ere. Azpian, Zelai Luzekoa baino berriagoa, ibai ondoko ibilbidea dago, jendeak “malekoia” deitzen diona.