Tel: (+34) 943 157 200  

Altuna Etxea

Ez da berritu zaharra Altuna Etxea, zoragarri dago: egurrezko habeak bistan, harrizko etxaurre ederra Frontoi Txiki aldera, mudejar estiloko etxaurrea Plaza Txikira, etxe berezia da inondik ere. Bekatu larri bakarra egin zuten, gure garaiaren gaitzak dira: azpiko lokalean vending bat jartzen uztea. Ikusten duzu etxea hain ikusgarri, irudikatzen duzu nolakoa izango zen hemen bizitzea herriaren goiko muga zenean, herri osoaren loa gordetzen, sarrera irteerak zaintzen, pentsatzen duzu leku horrek zenbat eta zenbat urtetako gertaerak gordeko dituen bere zutoinen ariman, eta gero ikusten duzu vending hori, dirua sartuta gauzak ematen dizkizuten makinak besterik ez, eta behera egiten dizu gogoak: orain gauzak nahi ditugu, ez pertsonak. Ez jakin makinek saltzen dituzten gauzak ez ote dituzten makinek egin! Beharbada horregatik joaten zaizu begia gora, harrietara, habeetara, egurrezko balkoietara, eta jendea ikusten duzu lanean, elkarlanean, etxe bat jasotzen, herri bat jasotzen. Bizitzeko moduko leku bat.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA