Tel: (+34) 943 157 200  

Sanjuandegi

Irudimena behar da memoria egiteko. Itxi begiak eta ikusi: 60ko hamarkadara arte hemen ez zen ezer, baserriren bat eta soroak besterik. Fabrikek langileak behar zituzten, jendea hasi zen etortzen, etxeak egin zituzten arrapaladan. Kaleko euskaldun harroek gutxietsi egiten zuten auzo honetako jendea: baserritarrak eta erdaldunak baino ez dira bizi hor. Herrian bertan, herriaren parte, baina beti egon da urruti Sanjuandegi; bariantea dago tartean, azpitik pasa behar da. Ez dauka ezer berezirik ikusteko: ez pertsonaia ilustre baten jaiotetxerik, ez eraikin zaharrik, ez historia luzeko lekurik. Ez dauka ezer berezirik ikusteko, baina dena da berezia bere apalean. Auzoan eraiki zen lehenbiziko etxea, esate baterako. Edo haren atzetik etorri ziren guztiak. Beste leku askotan galdu dena ikusten da hemen: arropak balkoietan zintzilik. Baina arropa hori janzten duen jendeari begira egotea izaten da beti ederrena. Eta euskal herri baten azken 60 urteetako historia ulertzeko gakoak ematen ditu: industrializazioa, inmigrazioa, langile kontzientzia, identitatea, elkartasuna, konpromisoa, eta gatazka baten baitako beste hainbat gatazka.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA