Tel: (+34) 943 157 200  

Frontoi Txikia

Txikia holakoa baldin bada, nolakoa ote da handia? Horixe da herrian Frontoi Txikia esaten zaiona ikusten duenak lehendabizi pentsatzen duena. Azpeitiarrek beti izan dute harro fama, baina oraingo honetan badu bere esplikazioa: herriko frontoi ofiziala, Izarraitz, askozaz handiagoa da, erremintarako ere balio duena, eta hartatik bereizteko du honek izena jarria. Izarraitz ez bezala, hau beti dago irekita, edonork dauka pilota hartu eta jokatzea, eta estalia denez, aterpea ere bada euria egiten duenetan. Txikia eta bildua izaki, politagoa da eskuz egiteko, eta herri arteko txapelketako partidak hemen jokatu ohi dira batzuetan, beroagoa ere bai baita, hurbilago baitu pilotariak ikuslea. Alboko herriak du pilotarien sehaska izateko ospea, Azkoitiak alegia, garai batean pilotari on asko eman zuelako, baina azken urteotan maila onean dabiltza azpeitiarrak. Nork daki, akaso egunen batean inori txiki geratuko zaio Frontoi Txikia…

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA