Tel: (+34) 943 157 200  

Sanagustin kulturgunea

Azpeitiarra ohitu egin da, egunero ikusten du, urteak daramatza irekita, baina Sanagustinera lehen aldiz sartzen dena txundituta geratzen da, liluratuta: zurak goxatu espazio zabala, tabernarekin, erakusketa areto txiki batekin, oholtza zabalarekin, atzean auskalo noizko erretaula altua duena, atzeko pareta osoa hartuz. Udaletxe azpiko eliza izan zena, eta urtetan biltegi gisa alferrikaldua, kulturgintzarako irabazi du herriak, hitzaren zentzurik zentzudunenean. Hori ere txundigarria egiten baitzaio lehen aldiz sartzen denari: Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeatzen du gunea. Herriko kultur talde eta norbanakoen urte luzetako lanari esker dago martxan leku hau, martxan eta bizi-bizirik. Ekitaldien ugaritasun eta aniztasunaz gain, egunero bada zerbait!, herriko kulturgintzari eman dion hauspoa eta babesa da nabarmentzekoa. Eta herriari eman dion bizitasuna. Herriko plazan dagoen herriaren plaza da. Herri honek bere buruari opatako leku hau da gaur beste herri askoren inbidia. Eta ez da harritzekoa.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA