Tel: (+34) 943 157 200  

Aurkezpena

 

Maite ditut maite gure bazterrak,
baina bizi dituzten pertsonei eskerrak

 

AzpeitiBizi egitasmoaren bitartez Euskal Herriko zein kanpoko bisitariak erakarri nahi ditugu.

Egitasmoak bi euskarri ditu ardatz:

  • Webgunea
  • Mugikorretarako aplikazioa

Bi hedabide hauen bitartez, jendea erakartzea dugu helburu.

Arrazoi nahikoa eta sobera ditugu horren ziur egoteko:

  • Azpeitiarrak dira Azpeitiak eskaini dezakeen onena.
  • Azpeitiarrek euskara dute balio erantsi nagusiena.
  • Euskaraz bizi den herria baita Azpeitia, gainontzeko euskal herrietatik hurreratzen denak berehala antzemango duen eran.
  • Euskarak kultura bat dakar aldean, azpeitiarrek jaso, gorde, mantendu, bersortu, eguneratu, moldatu, heurenganatu, zabaldu eta transmitituz bizirik mantentzen dutena, Euskal Herri osoan eredu den Kultur Mahaiak auzolanean biziberritzen duena.
  • Bizia baita Azpeitia, azpeitiarren heuren esanetan, bizi bizia, bizitzeko pizgarria.
  • Bizitzeko herri bizia da Azpeitia, bisitaria beso zabalik hartzen duena, azpeitiartu diren migratzaileek baieztatzen duten eran.
  • Ospatzen badakien herria da Azpeitia, hasi urtarrilean eta abendura bitarte, eguneroko izerdia bizipozerako edabeekin neurrian nahasten dakiena.
  • Langileen herria da Azpeitia, 1776an matxinatu zen huraxe.
  • Gertakari historikoek zizelkatu duten herria da Azpeitia, memoriaren historia eraikitzen jakin izan duena.
  • Mendeetan bizi izan duten, gaur bizi duten eta etzi biziko duten azpeitiarrek bihurtu dute Azpeitia edozein bisitarirentzat erakargarri.
  • Euskaraz bizi, kulturalki bizi, herritar bizi, AzpeitiBizi.
  • Bisitariak altxor horien aitzakiapean erakartzeari Turismoa baderitzogu, turistikoki herri bizia dugu Azpeitia, turismo aktiboa baino, turismo bizia eskaintzen duena.

Halaxe kontatzen digute azpeitiarrek beraiek Zatoz onera, zatoz Azpeitira bideo sortan. Ez gara ezer asmatzen ari, beharrik ere ez dugu. Azpeitiarrek diote, halaxe bizi dutelako. Eta halaxe sortu dituzte bideook azpeitiko bertako Erabaki produkzioak lan-taldeko lagunek, euskara eta kultura langai dituen Dijitalidadea s.l enpresarekin elkarlanean.

Azpeitiarren testingantzez gain, Azpeitia gogoangarria atalean, Azpeitiko leku, pertsona eta gertakari historiko ezagunei buruzko edukiak bildu ditugu. Atal honetako testuak Koldo Izagirre eta Xabier Gantzarain idazleek sortu dituzte eta argazkiak Gaizka Otamendik.

Bi amu nagusi horiez gain webgunean bildu ditugu:

  • Azpeitian eta bere inguruetan egin daitezkeen adin guztietako bisitarientzako era askotako ibilbideak.
  • Lo, jan zein edateko ostatuak.
  • Oinarrizko zerbitzuak.

AzpeitiBizi mugikorretarako aplikazioan, arestian aipatutako edukiez gain, Agenda ere izango dute eskura bai azpeitiarrek zein erabiltzen duten gainontzekoek ere. Ekitaldi kulturalez zein bestelako ekimen sozialez beteriko edukia zabalduko dugu bertatik.

Euskal Herriko herri guztiek dute bere balio erantsia, ezkutuan, gehienetan.

Azpeitikoa ikusgarri bihurtu dugu, edozeinen eskura dago jada.

 

Proiektuaren ideia eta garapena: