Enparan Dorretxea
Azpeitiko herriaren historia bata bestearen gainean tolestutako orrietan gordetzen du orain Enparan Dorretxeak, Udal Liburutegia baita egun, baina etxea bera da historia harri egina, ia herria bezain zaharra, XIV. mendekoa. Itxi begiak eta ikusi: ibaiaren alde honetan ez zen ezer, soroak eta zelaiak besterik, baserriren bat akaso, eta bidea, ibaiari segika. Bestaldean herria, eta atarian zubia. Jagole bakartia behar zuen Enparan Dorretxeak eraiki zutenetik beretik, begiratu hutsarekin antzematen zaio. Simetria perfektua erakusten dizu gaur, baina alboetako zatiak gerora erantsiak dira, XVIII. mendean. Azkeneko berritua 1977an hartu zuen, eta harrezkero liburuen jagolea da. Historiarena, hizkuntzarena, edertasunarena. Itxi begiak eta ikusi: gerora Hau da Azpeitia diot poema idatziko zigun Xabier Aldai gaztea liburutegira sartzen, gero etxean eskuz kopiatuko dituen poesia liburuak hartzera; Xabi Borda umea ikastolan agintzen zizkioten liburuak ez beste guztiak irakurtzen; Alaitz Olaizola, Fernando Morillo, idazteko beharra sortu aurretik irakurtzeko harra barruan sartuta. Azpeitia bakarra da munduan: hitzarekin zaindu uste du zubia.