Tel: (+34) 943 157 200  

Ingurugiro Etxea

Sanjuandegitik Loiolarako bidean, ibaiaren eta trenbidea izandako bidegorriaren artean dago Egibar Etxea, gaur Ingurugiro Etxea bihurtua, haur, heldu eta zaharren ikasbide eta denbora pasarako. Etxea bera ikusgarria da, lau uretarako teilatuarekin, atzeko aterpe ederrarekin, leihoetako burdin barra sendoekin, harrian egindako lanarekin. Orain gainera atari berritua dauka, Xaguxatar parkea. Saguzarrari inguru hauetan xaguxatar ere esaten zaio, eta hortik izena. Saguzarrei buruzko informazioa daukazu egoki azaldua horma irudiekin lagundua, eta jolaserako gailuak ere bai: armiarma sare erraldoi bat, sokarekin egina; labirinto bat, etxera joan nahi ez baduzu hantxe ezkutatzeko; eta atseden hartzeko jarleku eta mahaiak ere bai. Ingurugiro Etxean bertan ikusi eta ikasi dezakezunaz gain, ingurura begiratzea ere ez dago txarto: ahateak ibili ohi dira ibaian, koartzaren bat ere bai inoiz, uroiloren bat ere tokatuko zaizu akaso, eta bidegorriaren atzean, berriz, pendizean, antzara saldo batek zaintzen du Bastida alkate ohiaren etxea.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA