Tel: (+34) 943 157 200  

Karmelo Etxegarai

Gabriel Arestik ez zuen nahi bere izenik jartzerik kale bati, bazekien zerbait. Orain Karmelo Etxegarai ikastetxe baten izena da, baina inork gutxik daki zein izan zen pertsona, zer egin ote zuen bere izena jartzeko ikastetxeari. Inork gutxik galdetzen du zein ote zuen ama, nolako bizimodua izan zuen, joaten ote zen alberkara bere semearen arropak garbitzera. Etxe honetan jaio zen, jartzen du Santiago kaleko jaiotetxean, eta bere busto bat ere badago parkean; haurrak jolasean ari dira brontzezko gizon hori zein ote zen asko inporta gabe. Etxe honetan jaio zen; orain ere jaioko da bateren bat; orain ere jendea bizi da etxe honetan, eta albokoan, eta albokoan. Argindarraren kableak daude etxetik etxera, altabozetik altabozera. Jada ez dituzte kentzen festak pasatakoan, beti daude hurrengoetarako prest. Halaxe bizi gara, biharkoari begira; bizi legea da, haurrak jolasean ari dira parkean, brontzezko gizon horrek dauzkan armiarma sare finei begiratu ere egin gabe. Ikasaraziko diete akaso nor zen Karmelo Etxegarai, eta gero ahaztu egingo zaie. Eta beharbada euren haurrekin etorriko dira parkera, eta ikusiko dute nola ezarri zaion armiarma sare fin bat euren bizitzari.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA