Tel: (+34) 943 157 200  

Landeta eskultura

Jorge Oteizaren zahardadeak ez zuen gauza onik ekarri. Berak hainbestetan eta hain gogor kritikatutako erakunde publikoak, uler bedi edozein herritako udaletxeak, bere lanak erosi, eta espazio publikoan jartzen hasi ziren. Ez ziren beren-beregi leku horretarako pentsatuak, gehienaz txikian egindakoak ziren, gero eskalaz aldatuak. Eta horrela bete ziren herri askotako harrizko plazak hil hurren zegoen artistaren lanez. Izan zuen bestelako albo-kalterik ere, ordea. Ordura arte ia ezezaguna zen bere anaia Antonio, abizen bera zuenez, egoeraz baliatzen abila izan zen, inguru hauetako zenbait politikari hantusteren konplizitatez, eta bere lanak ere agertu ziren espazio publikoan. Hemengo hau, kasu. Balio artistiko txikikoa, gehiago balio du egin behar ez den kultur politika baten erakusle gisa: edozein eskultura jarri errotondaren erdian. Hau halaxe dago, langileei omenaldia egiteko jarria, ez kolpe ez hots egiten ez duela. Batzuetan artea mailu bat da, eta beste batzuetan mailukadak merezi ditu.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA