Tel: (+34) 943 157 200  

Zezen Plaza

Azpeitiko beste lekurik gehienetatik bezala, Izarraitz ikusten da hemendik ere ederki. Gizona zezenarekin neurtzeko joera eta zaletasuna ez da Azpeitikoa bakarrik, Izarraitz inguruetan nahikoa zabalduta dago: Zestoan, Lasturren, Deban… Auskalo noiztikoa den ohitura hori. Zezen Plaza hau 1903an ireki zuten, mende bete pasa darama zezenak hiltzen ikusten. Baina beste era askotako ikuskizunak ere antolatu ditu gizakiak plaza honetan nor gehiagoka aritzeko, ematen du zainetan daramagula. Ahariak jartzen ditugu topeka, oilarrak elkarri mokoka, gizonak korrika aizkoran harri jasotzen txingatan, irabazlea behar dugu beti, atsegin ditugu superlatiboak: azkarrena, indartsuena, onena. Zezenik ez denean ere, honek plaza segitzen du izaten. Jendea biltzeko da plaza, baina, zertarako biltzen da jendea? Heriotza zigorra ezarrita Gipuzkoan urkatu zuten azken gizona, Joxe Tejeria, Azpeitian urkatu zuten, 1900an. Egun euritsua izan arren, 6.000 lagun inguru bildu zen ikuskizuna ikustera. Zezen Plazak 4.000 lagunentzako lekua du.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA