Tel: (+34) 943 157 200  

Landeta

Badira gauez ederragoak diren parajeak. Fabrikak isilik daude, atseden hartzen ari dira. Aroztegi, altzarigintza, egur lanera emanak dira asko, gehiago ziren garai batean, pisu handia izan zuen urtetan herriko ekonomian. Hemen egindakoak izango dira akaso zure gurasoen etxeko altzariak ere. Baserri, baratza, soro eta zelai zirenak, industriak hartu zituen bazter hauek XX. mendearen bigarren zatian. Fabrika artean ezkutaturik geratutako baserri eta etxeetako azpietan tabernak ireki zituzten, jatetxeak. Eta jatetxe horietako batean egon zen, titulurik gabe ere, Landetako Unibertsitatea. Eskolarik ez, bertso giroa zegoen han, Joxe Lizasok esatera. Girorik ez dagoenean irekitzen dira eskolak beharbada. Lan giroa ere ez da garai batekoa Landetan. Fabrikak isilik daude, batzuk atseden hartzen ari dira, baina itxita daude beste asko. Egunez ikusten da ondo, mugimendua ez da lehengoa, ezta tabernetan ere. Badira gauez ederragoak diren parajeak: fabrikak atseden hartzen ari direla ematen du.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA