Tel: (+34) 943 157 200  

Arrupe Etxea

Inazio Donearen jaiotetxea ezagutzera etortzen dira batzuk, beste batzuk basilika barrokoaren edertasunak ikustera, izango da bere fede kristauari jaten emateko etortzen denik ere, baina azkenaldian bada beste erromes mota bat ere Arrupe Hoteleko sarreran, laikoa, politikoa, lotsatia, ezkutuan bezala galdetzen duena: non izan zuten leku Loiolako elkarrizketek? Harrerakoak diskrezio eta naturaltasun osoz eramango zaitu pasillo nagusian barrena, bere lanaz jakitun, jada ohitzen hasita ere bai akaso, eta erakutsiko mahaia, mahai handi bat, beste edozein bezalakoa, baina berezia horregatik, hantxe batu baitziren EAJ, PSE-EE eta Batasunako ordezkariak 2006ko udazkenean, Imanol Murua Uriak Loiolako Hegiak liburuan kontatu zuenez, Euskal Herrian Bake Prozesu bat abiatu asmoz. Izan ez diren etorkizun guztiek hor jarraitzen dute, mahaian eserita, ikusezin, jendea hotelean gora eta behera dabilen bitartean. Etxeak ezagututako iragan guztiek adinako zama dute ezagutu ez ditugun balizko etorkizun guztiek, harri artean daude, airean. Ganbarako kapera ere polita da, han goian arinagoa da airea.

ZATOZ ONERA, ZATOZ AZPEITIRA