Basazabal
Bi aurpegi oso diferente dituen jauregia da Basazabal. Ibai aldera erakusten duena, Zelai Luzetik ederki ikusten dena, irekia eta argiari emana da, goiko arkupe dotorearekin, leihoekin, balkoiekin. Mundura irekia dirudi. Enparan kalera erakusten duena, aldiz, pareta bat da kasik, leiho txiki gutxi batzuekin, gotorleku batena bailitzan. Herriari itxia balego bezala. Bertako nagusien berri ematen digu nahi gabe ere. 1766ko Matxinadaren garaian Basazabal jauntxoa zen Azpeitiko alkate, matxinatuen kontra jotzeko ez du inolako erreparorik izango beste ilustratu askok bezala: Euskalerria asko maite dute baina ez hainbeste euskal herritarrak. Etxea ederra da, berezia: inguruotan batere ohikoa ez den barne patio txiki baten inguruan dago egituratua eraikina. Hirugarren solairuko arkupetik bistak zoragarriak dira: Urola ibaia bere joan etengabean, Enparan Dorretxea, Zelai Luze, Frantziskanetako eliza… Gaur egun hutsik dago, berritze lanetan ari dira. Eraikina udalarena da azkenik, baina oraindik ez herriarena.